EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2015/01/27

Sare eta Sare(tu)



Ehun batek gastatzen denean sare-itxura hartzen du, hots, saretu egiten da; adibidez, galtzerdi gehienei gertatzen zaie hori. Esanahi zehatz hori, behinola, nork jakin! etno-meteorologiaren eremura lerratu bide zen eta hodei eta lainoekin ere erabiltzen hasi ziren hiztunak, metafora ederra sorturik. Metaforak metafora, azken adiera hau ez dut inongo hiztegitan aurkitu; gaur egun, zorionez, zenbait hedabidetan entzun eta irakur daiteke ere adiera hori. Nik neuk Joxe Landa handiari ikasi nion mendearen hasieran erabilera hori, GARA egunkarian egiten dituen aro-iragarpen zoragarriak irakurriz; hainbat hitzez baliatzen da, ohiko hiztegiek ez dakartenak. Egundoko ekarpena egin dio Joxe Landak eguraldiaren lexikoari eta inork ere ez dio aitortu! Lerrootatik bihoazkio zorionik beroenak! Jarraian, berak idatzitako esaldi eder batzuk ekarriko ditugu, kontura gaitezen hizkeraren edertasunaz:

"Lainoak saretzen doazen heinean, goizeko freskura uxatu egingo da, eta ondorioz, epeldu." (GARA, 2003-09-11)
"Goizean sare samar egongo den arren, lainotsu eta goibel egongo da". (GARA, 2004-01-08)
"Zeru estalia baina giro ona. Hodei geruzak zerua estali samar edukiko du, baina sareak izango direnez ez dute euri arriskurik ekarriko." (GARA, 2003-11-03)
"Hodei sareak egongo dira, eta zerua lausotuko dute". (GARA, 2003-11-20)
"Goiz partean lainoak sareagoak izango dira eta arratsaldean euri mehea". (GARA, 2004-01-09)


Etiketak: , , , , , ,

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------